jueves, 10 de mayo de 2012




Ikas komunitatea




Hainbat alditan entzun dugun Ikas komunitateen inguruan lan bat egin dugu. Eskola hauek aztertzean datza, ezagutzen ditugun "betiko eskolekin" alderatuz, desberdintasunak ateratzean. Lan teorikoa izan da, Ikas komunitateen barne antolamentua, curriculuma, metodologia, irakaskuntza dialogikoa, helburuak.... aztertzea. 

Desberdintasunak ugariak direla ikusi ditugu, batez ere eskolan ematen den partaidetzan. Eskola hauetan, irakasleaz gain, gurasoak esku hartzeko eta laguntzeko aukera dutelarik. Bestalde, eskolaren antolamentua eta metodologia ere desberdinak dira, ikasleak baitira protagonistak. Ikaslearen gaitasunak kontutan hartzen dira, ikasketak, bakoitzaren neurrira egokituz, ikasle oro, gai da ikasteko.

Ikas komunitateen inguruko teoria guzti honek, hasera batean, faltsua dirudi. Ez gaude ohituak honelako elkar lanak, partaidetza eta helburu "onak" ikustera, eskola idealizatua dirudi, utopia bat. Niri, teoria bakarrik ikusi badut ere, jarraitu behar litzateken eredua iruditu zait, eskola guzitan ezarri beharrekoa. Irakaskuntza denen zeregina izan beharko luke, gurasoek ere parte hartuz, hezkuntzaz gain, edukazioa eta baloreen transmisioa eskolaren gain erortzen dela uste dut askotan, guraso asko, bere haurren hezkuntzan inplikatu barik.


Lan honetan, teoria bakoitzak bere kabuz lantzeaz gain, astero taldeko kide batek, arduradun parera betetzen zuen lana gidatu, eginkizunak eman eta hauek betetzeaz arduratuz, baita Loreari lana igo eta asteroko partea emateaz. Gustoko dut sistema hau. Askotan talde lanetan, kide batek (edo gehiagok) hartzen du gidari papera (nahi gabe edo behartua) eta besteak,  korrentean barruan doaz, jokoan, agindu edo esanei erantzuten soilik, jokuaren arauak eta eginkizunak betetzen, parte hartzen, besteak asmatutako jokuan jolasten. Paper txandaketak gustoko ditut, denak postu guztietatik pasatzea beharrezkoa da, denek eduki behar baititugu ardurak alde batetik, eta bestetik, denak eduki beharko genuke konfidantza ardurak besteen gain  uzteko. Hori da talde lanean aritzearen funtsa, konfidantza eta lanean parte hartzea barrenetik ateratzea, ez aginduak betetzea soilik; agian jende asko oraindik ez dago arduradun edo gidari rola eramatera ohitua; arduradun txandaketa sistema hau, horretarako egokia dela deritzot, hasteko bultzada egokia, ideia ona.


Lana amaitzeko, pare bat talde elkartu eta "solasaldi dialogiko" bat grabatu beharra izan dugu, zein ideia ona. Kamarari errespetu handia diogu, ohitura faltagatik gehienbat, eta gure arteko solasaldia grabatzeak, idatziz egindako lana begiratu eta ikasi edo ulertzera behartu gaitu, lan idatzian soilik ez geratzera eta denak parte hartzera aldi berean. Ariketa borobila.




Eskolara bisitan



Karmengo Ama Ikas komunitatera joan gara matematikako klase bat ikustera. Zein polita izan den.

Ikas komunitatea, itxuraz,  eskola normala zirudien. Berez, eskola zaharra, ikas komunitatean eraldatu delako da, ez da eskola berririk eraiki. Guk bisitatutako klasea oso atsegina zen, marrazkiak eta koloreak nonahi, landareak ere bazituen, liburu eta jokuz josia. Matematikako klasea euskaraz ematen zuten, haur gutxi zeuden, 15 bat, eta beraien artean harreman ona zegoela nabarmentzen zen, baita irakaslearekin ere.


Osteguna zen, egun horretan asteroko "kontroltxoa" egin beharra zuten, beraientzako, ariketa bat gehiago zen, presiorik gabe, ohituak daude. Irakasleak, haur bakoitzari, aurreko ostegunean egindako "kontrol fitxa" ematen dio, haurrak, ariketak zuzenduak ikusi eta gero, irakasleari, bakoitzari dagokion fitxa berria eskatzen dio. Fitxa guziak ez dira maila berdinekoak, ikasle bakoitza bere erritmora doa. Irakasleak zuzendutako fitxa bueltatzean, akatsarik badu, fitxa bera berriro egingo du, aldiz, fitxa osoa zuzena badu, hurrengo fitxara pasatuko da. 


Ikasleei egokitutako irakaskuntza honek ez du esan nahi ikasleen artean maila desberdinketa handirik dagoenik, ikasle batzuk besteak baino erreztasun gehiago dute matematika gaian, besterik ez, baina denak parekatuak daude, fitxa batetik bestera ez dago alde handirik ezta ere, zailtasun maila pixkanaka igotzen da.


"Kontroltxoa" amaitzean, ariketak egiten jarraitu zuten, zatiketak. Gelako mahaietan, binaka eta hirunaka eseriak zeuden, ariketak banaka egiten saiatzen ziren, ondokoarekin hitz egin eta arazoak elkar konponduz. Amaitzean, irakasleak, arbelara ateratzeko bolondresak eskatu zituenean, denak parte hartzeko gogoa zuten, denak besoak luzatu eta behatza tinko zutelarik, ateratzeko prest zeuden, asko harritu zidan honek.


Ahozko ariketak ere egin zituzten. Irakasleak erloju handi bat eskuan zuelarik, banaka ordua galdetzen joaten zen, denak parte hartu nahi zuten, denak erantzuteko gura zuten, denak eskua altxata zuten.


Ikasleak oso gustora ikusi nituen, denak konfiantzaz beterik, segurtasunaz, lotsarik ez zen ageri, ez zegoen irakasle edo gaiarekiko beldur izpirik, idilikoa zirudien, hau zortea. Nire eskola garaian, arbela zigor bat zen, ariketak ez bazenituen egin, epaiketa bat bailitzan bertara atera eta gorri-gorri jarri arazten zizuten, lotsa zen maisuaren armarik gogorrena, eta guretzako, latzena.



Gaur egun, ahozko ariketak eta arbelera ateratzeak hartu duen naturaltasuna (bazen garaia) da gehien gustatu zaidana, baita ikaslearen ikasteko ahalmenaren erritmoa errespetatzea ere. Bi gauza hauek oso garrantzitsuak direla iruditzen zait ikaslearen garapenerako, bai ikasketa mailan baita bakoitzaren heziketa pertsonalarentzako, segurtasuna eta konfidantza hartzen baitu, motibazioa bultzatuz, hau da niretzako ikaslearen arrakasta lortzeko bidea, gakoa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario