viernes, 11 de mayo de 2012

Agurra


Beno, iritsi da agurraren momentua. Ikastaroa amaitu da, ia, azterketa garaian gaude, ebaluatuko gaituzten garaian. Ikasturtean zehar egin dugun lanaz gain, ikasketak ongi barneratu ditugula erakusteko garaia da, urduritasun garaia, kezka garaia. 


Ordu pare bat dituzu horretarako, azterketa ordua. Burua argi, esna, antolatua, ziur.... eduki beharra baina berez, buruan ideiak barra-barra, nahasturik, kezkak, urduritasuna eta antsietatea nagusi, txakurrez gain geuk ere sumatu dezakegun beldur usaina nabaria da, urrutitik antzeman daitekena.

Eskolara iritsi eta hor daude klase kideak, ardura, zalantza, urduritasun, etsipen.... hainbat aurpegi, deskriba ezinak, orokorrean, aurpegietatik barre izpi batek ihes egiten du oraindik. Azterketa ordua da, hor goaz danak, isilik, epaiketa partikularrera. 

Azterketa ondoren, urduritasuna nabariago da, antsietatea pir-pilean , apunteak denen eskuetan bueltaka, aztoratutak, non dago erantzuna, zuzena al da ipinitakoa..... barre keinuak desagertu dira orokorrean, erantzun zuzena jarri dutenen ahoatikan garraisi batzuk jaurtitzen dira, besteen ahoak mutu, guztien begiak apunteak zeharkatzen diraute ansiatzen dugun erantzun zuzenaren bila, guk jarritakoekin bat datozen erantzunen bila. Ondo ezagutzen dugun betiko estanpa da honakoa, inoiz ohituko ez garenaren estanpa.



Urte asko daramatzagu azterketak egiten, betiko erritoa da, salta ezina. Hala ere, garaia edo ordu konkretu hori iristean, tripak bueltaka hasten dira, urduritasunak eraginda, ez dira denak gustoko ditugun "tximeletak", ez, ez gara maitemindu (hau beste arazo larria izan daiteke ere); beste urduritasun mota da hau, gure patua , zoria jokoan dagoelako da, nota batean, kalifikazio batean, zenbaki batean isladatzen dena.... hain sinplea eta hain garrantzitsua.


Ba lasai lagunok, orain arte egin dugun moduan aurrera aterako gara, zenbaki batek ez baigaitu izutuko, ez atzera botako, ezta "atxantatuko" ere. Urduritasunean soilik geratuko da "asuntoa", beste egun txar batean.


Ikasturtean oso gustora aurkitu naizela esan beharra dut, asko ikasi dudala, talde ona gara, hurrengo urtean denekin berriz topo egitearekin kontatzen dut. Dudarik gabe, hala izan bedi. 


Datorren ikasturtean ikusiko gara, ziur, bitartean.... udara ona pasa eta indarrak hartu, egurra ematen jarraitu beharra dugu, asko eskatzen duen sua piztu berri baitugu, gose dago, handitu nahian dabil eta gure eginkizuna bera asetzean datza.


P.D: Ah!!!!!  zuen izena zenbaki atsegin baten eskutik joan dadila opa dizuet, irribarrea eragiten duen horietakoa, poza ematen duenetakoa.




jueves, 10 de mayo de 2012




Unitate didaktikoa



Amaitu dugu azkenean unitate didaktikoa!!!!


Ez dakit zer esan ere, hau lasaitasuna. Unitate didaktikoa egin behar genuela esan zenuten egunean, denak aurpegi arraroak jarri genituelakoan nago, ezer ulertu barik, zeharo galduak. Denbora pasa ahala, aurpegi berdinarekin oraindik, unitatea lantzen hasi ginen, saiakerak egiten behintzat, esaten zenutena betetzen oraindik, "asuntoa" argi eduki gabe.

Hilabeteak beranduago, forma hartzen joan da, atalak ulertzen eta bakoitzaren zergaitiak ere; lan astuna izan da, bai, baina azkenean, curriculumaren zergaitia ulertzera eraman nauela  uste dut.

Ez zitzaidan inoiz burutik pasa, unitate didaktiko bat egitea hain konplexua zenik. Teoria edo ariketa liburuak beti ibili dira gure esku artean, oso potoloak direnak gainera, hau lana hartu dutena hori dena egiten......

Unitate didaktikoa egiterakoan curriculuman oinarritu gara, edukiak, prozedurak eta helburuak bertan daude, dena dio, gai bakoitzakiko zerbait du esateko. Bertan oinarritu gara gure "unitatea" egiteko, gezurretakoa bada ere, ulertu dut erabilera eta zein lagungarri izan daitekeen gaiaren inguruan asko ez badakizu (haurraren gaitasunak adinaren arabera, zein ariketa egin ditzazken....). Gu, Ikas komunitateko curriculuman oinarritu behar izan gara, matematikako klasea ikusteko praktika han egin genuenez, eskola mota honek jarraitzen dituen irizpideak erabiliz.

Bestalde, estrategiaren arabera ariketak aukeratu eta haurren azalean jartzea zaila iruditu zait, ariketa guziak errazagiak iruditzen zitzaizkigun. Unitateak, ikasgaien arteko loturen garrantzia ulertzeaz gain (mate, didaktika eta psiko gehienbat, ah ! eta curriculuma), umeen lekuan jartzera behartu gaitu, interesgarria eta lagungarria iruditu zait gure ikaskuntzarako.

Unitatea egina dago, teoria gutxi gora behera ulertua, ea orain lan idatziak zer dioen....






 




Ikas komunitatea




Hainbat alditan entzun dugun Ikas komunitateen inguruan lan bat egin dugu. Eskola hauek aztertzean datza, ezagutzen ditugun "betiko eskolekin" alderatuz, desberdintasunak ateratzean. Lan teorikoa izan da, Ikas komunitateen barne antolamentua, curriculuma, metodologia, irakaskuntza dialogikoa, helburuak.... aztertzea. 

Desberdintasunak ugariak direla ikusi ditugu, batez ere eskolan ematen den partaidetzan. Eskola hauetan, irakasleaz gain, gurasoak esku hartzeko eta laguntzeko aukera dutelarik. Bestalde, eskolaren antolamentua eta metodologia ere desberdinak dira, ikasleak baitira protagonistak. Ikaslearen gaitasunak kontutan hartzen dira, ikasketak, bakoitzaren neurrira egokituz, ikasle oro, gai da ikasteko.

Ikas komunitateen inguruko teoria guzti honek, hasera batean, faltsua dirudi. Ez gaude ohituak honelako elkar lanak, partaidetza eta helburu "onak" ikustera, eskola idealizatua dirudi, utopia bat. Niri, teoria bakarrik ikusi badut ere, jarraitu behar litzateken eredua iruditu zait, eskola guzitan ezarri beharrekoa. Irakaskuntza denen zeregina izan beharko luke, gurasoek ere parte hartuz, hezkuntzaz gain, edukazioa eta baloreen transmisioa eskolaren gain erortzen dela uste dut askotan, guraso asko, bere haurren hezkuntzan inplikatu barik.


Lan honetan, teoria bakoitzak bere kabuz lantzeaz gain, astero taldeko kide batek, arduradun parera betetzen zuen lana gidatu, eginkizunak eman eta hauek betetzeaz arduratuz, baita Loreari lana igo eta asteroko partea emateaz. Gustoko dut sistema hau. Askotan talde lanetan, kide batek (edo gehiagok) hartzen du gidari papera (nahi gabe edo behartua) eta besteak,  korrentean barruan doaz, jokoan, agindu edo esanei erantzuten soilik, jokuaren arauak eta eginkizunak betetzen, parte hartzen, besteak asmatutako jokuan jolasten. Paper txandaketak gustoko ditut, denak postu guztietatik pasatzea beharrezkoa da, denek eduki behar baititugu ardurak alde batetik, eta bestetik, denak eduki beharko genuke konfidantza ardurak besteen gain  uzteko. Hori da talde lanean aritzearen funtsa, konfidantza eta lanean parte hartzea barrenetik ateratzea, ez aginduak betetzea soilik; agian jende asko oraindik ez dago arduradun edo gidari rola eramatera ohitua; arduradun txandaketa sistema hau, horretarako egokia dela deritzot, hasteko bultzada egokia, ideia ona.


Lana amaitzeko, pare bat talde elkartu eta "solasaldi dialogiko" bat grabatu beharra izan dugu, zein ideia ona. Kamarari errespetu handia diogu, ohitura faltagatik gehienbat, eta gure arteko solasaldia grabatzeak, idatziz egindako lana begiratu eta ikasi edo ulertzera behartu gaitu, lan idatzian soilik ez geratzera eta denak parte hartzera aldi berean. Ariketa borobila.




Eskolara bisitan



Karmengo Ama Ikas komunitatera joan gara matematikako klase bat ikustera. Zein polita izan den.

Ikas komunitatea, itxuraz,  eskola normala zirudien. Berez, eskola zaharra, ikas komunitatean eraldatu delako da, ez da eskola berririk eraiki. Guk bisitatutako klasea oso atsegina zen, marrazkiak eta koloreak nonahi, landareak ere bazituen, liburu eta jokuz josia. Matematikako klasea euskaraz ematen zuten, haur gutxi zeuden, 15 bat, eta beraien artean harreman ona zegoela nabarmentzen zen, baita irakaslearekin ere.


Osteguna zen, egun horretan asteroko "kontroltxoa" egin beharra zuten, beraientzako, ariketa bat gehiago zen, presiorik gabe, ohituak daude. Irakasleak, haur bakoitzari, aurreko ostegunean egindako "kontrol fitxa" ematen dio, haurrak, ariketak zuzenduak ikusi eta gero, irakasleari, bakoitzari dagokion fitxa berria eskatzen dio. Fitxa guziak ez dira maila berdinekoak, ikasle bakoitza bere erritmora doa. Irakasleak zuzendutako fitxa bueltatzean, akatsarik badu, fitxa bera berriro egingo du, aldiz, fitxa osoa zuzena badu, hurrengo fitxara pasatuko da. 


Ikasleei egokitutako irakaskuntza honek ez du esan nahi ikasleen artean maila desberdinketa handirik dagoenik, ikasle batzuk besteak baino erreztasun gehiago dute matematika gaian, besterik ez, baina denak parekatuak daude, fitxa batetik bestera ez dago alde handirik ezta ere, zailtasun maila pixkanaka igotzen da.


"Kontroltxoa" amaitzean, ariketak egiten jarraitu zuten, zatiketak. Gelako mahaietan, binaka eta hirunaka eseriak zeuden, ariketak banaka egiten saiatzen ziren, ondokoarekin hitz egin eta arazoak elkar konponduz. Amaitzean, irakasleak, arbelara ateratzeko bolondresak eskatu zituenean, denak parte hartzeko gogoa zuten, denak besoak luzatu eta behatza tinko zutelarik, ateratzeko prest zeuden, asko harritu zidan honek.


Ahozko ariketak ere egin zituzten. Irakasleak erloju handi bat eskuan zuelarik, banaka ordua galdetzen joaten zen, denak parte hartu nahi zuten, denak erantzuteko gura zuten, denak eskua altxata zuten.


Ikasleak oso gustora ikusi nituen, denak konfiantzaz beterik, segurtasunaz, lotsarik ez zen ageri, ez zegoen irakasle edo gaiarekiko beldur izpirik, idilikoa zirudien, hau zortea. Nire eskola garaian, arbela zigor bat zen, ariketak ez bazenituen egin, epaiketa bat bailitzan bertara atera eta gorri-gorri jarri arazten zizuten, lotsa zen maisuaren armarik gogorrena, eta guretzako, latzena.



Gaur egun, ahozko ariketak eta arbelera ateratzeak hartu duen naturaltasuna (bazen garaia) da gehien gustatu zaidana, baita ikaslearen ikasteko ahalmenaren erritmoa errespetatzea ere. Bi gauza hauek oso garrantzitsuak direla iruditzen zait ikaslearen garapenerako, bai ikasketa mailan baita bakoitzaren heziketa pertsonalarentzako, segurtasuna eta konfidantza hartzen baitu, motibazioa bultzatuz, hau da niretzako ikaslearen arrakasta lortzeko bidea, gakoa.






Ondo ikasteko behar diren baldintzak.



Gai hau oso konplexua iruditzen zait, pertsona bakoitzaren arabera beharrak aldatu daitezke, baita ikasgai edo proiektu bakoitzean ere. Dena den, niretzako garrantzitsuak diren baldintzak aipatuko ditut.

Hasteko, ikaslearen gogoak, motibazioa edo ikastearen zergaitia garrantzitsua da, zein den bere helburua. Ikaslearen helburua ikastaroa ateratzea bada eta barne motibazioa badu,  gaindituko  du, irakaslea, metodologia, materiala.... egokiak ez badira ere.

Ikastetxe edo ikasgaien inguruan, garrantzitsuena, metodologia dela uste dut. Ikasgaiari zentzua ematea eta ikasitakoa erabilgarria izatea ikasten zauden bitartean, ez ikasketak amaitu eta lanean zaudenean. Bestalde, irakaslea ere garrantzitsua izan ohi da, ikasgaiarekiko interesa piztu edo lurperatu dezake, irakasle on batekin, gogoz ikasten da eta ikasgaiaz gozatzen duzu, irakasle txarrarekiko komentarioa ere badakigu, desmotibazioa bultzatu. Irakasleaz gain, gelako giroak ere asko egiten du, giro ona eta elkar lana dagoenean askoz hobe funtzionatzen dugu.

Azkenik, ikastetxeak, egin beharreko ikasketentzako materiala egokia badu, askoz hobe. Eskola asko eguneratu beharko lirateke, tegnologia berrietan batez ere, mundua, ziztu bizian doan bitartean, irakaskuntza, barraskiloaren abiaduran doa, motel, geldi, zaharkituaa, nekatua.








Nola irakatsi dizuete gaur egun arte ?




               Nire lehen ikasketak ikastola batean egin nituen, 18 urte arte ikastola berean. Dendora mordoa pasa nuen bertan eta denbora mordoa pasa da jada. Ikastola hau hasi berria zen, Frankoren oroimena oraindik bizirik zegoen. Ikastola eraikitzen zegoela gogoratzen dut, gelak amaitu gabe, mahai eta aulkirik gabe, Errenteriako eliza batean eman genituen klaseak hauek amaitu arte eta ez genuen material askorik hasera batean. Denbora pasa ahala, ikastola normala zen, denetarik genuen, baita euskerazko liburuak ere. Metodologia aldetik, nahiko tradizionala, apunteak diktatzen ziren bitartean ahal genuen moduan hartu eta gaiak, memoriaz ikastekoak gehienbat edo danak. Egia esan, bertan ikasitakoaz gogoratzen naiz, nola ez, irakurtzen, idazten....oinarrizko gauzak bertan ikasi bainituen, baina bestelako gai gehienak, buruan nonbait lurperatuak dauzkat, ametsekin pasatzen den moduan, gogoratzen zara baina ziurtasunik gabe. Gauzak memoriaz ikasteak hori du, airean geratzen direla, galtzen ez badira noski.


            Ikastolatik irten ondoren, garai bateko FP2- a egin nuen, Irudia eta soinua, Andoainen eta Madrilen berriz, hau gozamena. Liburuak eta apunteak hartzen genituen bai, baina ia dena praktikara eramaten genuen. Gure gidoiak idatzi eta gure lehen pelikulak egiten hasi ginen, ideiarik eduki gabe. Hemen bai ikasi nuela, asko. Teoria eman ondoren pelikula edo dokumental asko jartzen zizkiguten emandakoa azaltzeko; eta gero, platoetan, praktikara eramaten saiatzen ginen. Ikasle guziak rol edo lanpostu guzietatik pasatzen ginen denen lanen grabazioetan, zuzendari postutik, sonidista, elektriko, zuzendari laguntzailea, gionista, atrezista, produkzioa.....betetzen genuelarik. Ikasteaz gain, irudimena asko lantzen genuen, gure "pelikulatxoak" egiteko presupuestorik ez genuen eta materiala, ahal genuen moduan lortu beharra geneukan, hau da, eskolak kamara, platoa, fokoak eta soinua grabatzeko materiala jartzen zuen baina "aktoreak", grabaziorako etxea, kotxeak, arropa...edo gidoi bakoitzean beharrezko zena, geuk lortu behar genuen. Oso ondo pasa nuen eta asko ikasi ere, hori bai zela talde lanean aritzea, denak elkar lanean denen proiektua aurrera ateratzeko. Garrantzitsuena, denak genituen gogoak ziren.

              Uste dut, oso argi utzi dudala zein den nire postura, gustoko eta zentzua hartzen diodan irakaskuntza mota, teoriaz gain praktikara eramaten. Teoria hutsean uzten diren gaiak ahaztu egiten direla uste dut, erabiltzen ez badituzu behintzat; eta ikasitakoak erabilera duela ikusten baduzu, beti ere zentzua hartzeaz gain, jarraitzeko motibazioa pizten zaitu.







miércoles, 18 de abril de 2012





 Neutrala ala objetiboa.




Niretzako, bi kontzeptu hauek parekoak dira.

Neutrala, gai edo egoera baten inguruan, zure iritzia eman edo kontutan hartu gabe mantentzea izango litzateke. Planteatutako gaian edo egoeran parte hartuz soilik, espektadore moduan.

Objetiboa, gai edo egoera baten inguruan dauden datuak....kontutan izan eta hauek helaraztea (kasua emango balitz),  zure eritzia kontutan hartu edo eman gabe mantenduz.

Desberdintasuna, datu edo gaiaren interpretazioa izango litzateke, non datuak kontutan hartzen diren ala aurkeztutakoaren entzule soila bilakatzen zaren. Dena den, bietan, bakoitzaren iritzia jokuz kanpo dago.

Irakaskuntzan, neutralak eta objetiboak izan behar garela diote. Ados nago bai, baina ez guztiz. Badira gai edo egoera batzuk gure partaidetza eskatzen dutena, errespetua, laguntasuna, bizikidetza, arrazismoa, indarkeria.... bezalako gaiak mahai gainean azaltzen direnean. Balore hauen "falta" klasean edo bizitzan zehar azaldu edo topatzen badira, neutraltasuna eta objetibotasuna alde batetara uztekoa naiz, balore hauek zalantzan jartzen dituenari aurre egitekoa.

Irakaskuntzan arazoak ugariak dira zentzu honetan, txikitandik hasten gara ingurukoak etiketatzen, klase-kideak neurtuz, ezberdintasunak ateratzen, ahuleziak nabarmenduz.... "ohitura" hauek atzetik datoz, betidanik jardun izan gara joku honetan eta "ohitura" hau aldatuko ez delakoan nago. Azkenaldian, Bullying-ari buruz asko hitz egiten da, kasu hauek egoera anitzengatik ematen dira, gehienetan, arrazoia, ezberdintasunak direlarik. Hauei aurre egiteko, maiz, gure eritziak edo baloreak ezin direla alde batetara utzi uste dut, eskolaren lanetako bat hau baita, errespetua eta bizikidetza bultzatzea.





 

miércoles, 22 de febrero de 2012




Kultura - Hezkuntza - Gizarteratzea




Nire usteak.....

Kultura: Leku jakin batean duten bizitzeko modua da, bertako ohiturak, hizkuntza, jakintzak, baloreak, sinismenak, izateko erak.... definitu edo zehaztuko du kultura, hauek aldatzen diren heinean, kultura ere aldatzen joango da, hau dela eta, munduan zehar kultura desberdinak daude, bakoitza bere balore eta bizi moduekin batera datozenak.

Hezkuntza: Jakintzen transmisioa da, edukiak, baloreak, ohiturak....barneratzen ditu, leku jakin batean dagoen kulturan oinarritzen da. Hezkuntza ez da eskolak helarazten digun eduki edo jakintzetara mugatzen soilik, hezkuntza zabalagoa da, bakoitzaren inguruak eta esperientziek ere parte hartzen dute irakaskuntzan, bakoitzaren hezkuntza partikularragoa bilakatuz.

Gizarteratzea: Gizakia gizartearen partaide bilakatzea bertako arauak eta kultura barneratuz. Hezkuntzaren bidez, gizarte jakin bateko kulturaren jabe egiten zara, hauek barneratzen diren heinean gizarte kide bat bihurtuz, beste partaide bat.

Kultura, hezkuntza eta gizarteratze kontzeptuak elkar lotuak doaz, banandu ezinak dira, batak bestea baldintzatu eta bultzatzen du aldi berean. Gizartea, kulturaz osatzen da; hezkuntza, honen transmisioaz  arduratzen da baita gizarte bakoitzeko kulturaren iraupena mantentzeaz eta helburu nagusi bezala gizakia gizarteratzea izango du.